2.308 neska-mutil joan ziren ludotekara 2011n, modu honetan sailkatuta: 1.750, 3 eta 5 urte artekoak, eta 558, 6 eta 10 urte artekoak. Neguko hilabeteetan izan zen asistentzia handien; logikoa da hori, izan ere, arratsaldeetan lehenago iluntzen du eta klimak, orokorrean, seme-alabak gune estalietara eramatera bultzatzen ditu gurasoak, kalean egon ordez.
2010. urtearen aldean, asistentziak nabarmen egin du gora, orduan 1.853 umek gozatu baitzuten udal zerbitzu horretaz. Beraz, 2011n 2010ean baino 455 ume gehiago hartu zituen ludotekak.
Azpimarratu behar da urrian, azaroan eta abenduan izan zela asistentzia handien ludotekan. Izan ere, gune horrek gero eta eskari handiagoa zuela ikusita, Udalak lehen Gaztelekuak hartzen zuen tokira aldatzea erabaki zuen, gune hori handiagoa baita. Era berean, Gaztelekua antzinako ludoteka zegoen lekura eraman zuen, gune horrek erabiltzaile gazteen premiak behar bezala asetzen baititu.
Udalak lokalak trukatzearen aldeko apustua egin zuen, ludotekaren egungo egoitzak, handiagoa izanik, ume gehiago hartu ahal izango zituelako eta, hortaz, zerbitzu hobea eskainiko zuelako. Lortutako datuen arabera, ez dago zalantzarik betean asmatu zela erabaki hori hartuta. Irailean, uztaila eta abuztua bitartean lokala egokitzeko beharrezko lanak egin ostean, udal ludotekaren garai berria hasi zen, eta herriari ekarri dion onura oso handia izan da. Har dezagun adibide gisa urritik abendura 1.348 ume pasatu zirela ludotekatik, hau da, 2011ko bisitari guztien erdia baino gehiago. Horrek erakusten du Udalak herriaren beharrari modu egokian erantzun diola eta zeuzkan baliabideak era zentzudunean aprobetxatzen jakin duela, Lezamako herritarren onurarako.