baserriak
hasiera hasiera > albisteak

Albisteak

Hemen zaude: albisteak > VI. SAHARAREN ALDEKO EUSKAL KARABANA LEZAMAN : EMAITZAK


VI. SAHARAREN ALDEKO EUSKAL KARABANA LEZAMAN : EMAITZAK

Fecha: 2010-02-10

300 kilo elikagai eta konpresa batu dira Lezaman VI. Sahararen aldeko Euskal Karabanarako.

Krisialdia izan arren, iaz baino 70 kilo gehiago batu dira, lezamarren elkartasunarekiko konpromisoaren adierazle.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere VI. Sahararen aldeko Euskal Karabanak lezamarrek emandako produktuak eramango ditu. Guztira 300 kilo elikagai batu dira Lezaman urtarrilan zehar. Datu oso aipagarria da Lezama bezalako herri txiki batentzat, baina oraindik ere aipagarriagoa da 2009an baino 70 kilo gehiago bildu baitira txorierritar udalerrian, izan ere ihaz 230 kilo batu ziren. Meritua itzela da kontuan izanda krisialdi sakona bizitzen ari garela eta testuinguru horretan elkartasunaren kopuruak gutxitzea ez litzatekeelako arraroa izango. Zorionez ez da hori gertatu, guztiz kontrakoa baizik, eta horrek agerian utzi du Lezama eta lezamarren konpromisoa Sahararekiko.

Lezamako biztanleek, antolatzaileek eskatutakoari men eginez, honako produktuak entregatu dituzte: arroza, pasta, atuna eta sardinak oliotan, azukrea eta lekaleak. Janariez aparte jasoko den produktu bakarra konpresak dira. Horiek batzeko, lau toki ezarri ziren herrian: Udal Liburutegia, Eskola, Josune Janaridenda eta Daņobeitia Ahizpak Janaridenda. Hauen artean, bereziki aipagarria da eskolako bilketak edukitako harrera, izan ere bertan jaso dute 300 kilo horietatik ia erdia. Eskolan, gehienbat, umeek etxetatik ekarritakoa batu dute eta aurtengo kopurua handia izan da.

Parte hartzen duten tokien eta Lezamako Udalaren ekimenari esker, beraz, Saharako errefuxiatuek lezamarren laguntza jasoko dute. 300 kilo horiek dagoeneko Euskal Fondoari entregatu zaizkio, karabanaren antolatzaileak alegia, gainontzeko herrietan batutakoarekin batera otsailaren 20an Euskaditik Saharara eramateko.

 

Ikono honek Web 1.0 Edukiaren Erabilerraztasun Arauak A hirukoitza (AAA) mailan betetzen dela onartzen du

Asoma Proyectos Digitales S.L.k egindakoa